Gernuan edota, gutxiagotan, odolean, listuan, ilean edo izerdian legezko edo legez kanpoko substantziak aurkitzeari esaten zaio abusuko drogak antzematea. Organismoan egoten ez diren substantziak antzematen ditu probak.
Gernua da gehien erabiltzen den lagina. Bestelako lagin batzuk ere erabil daitezke, baina: ilea, listua, izerdia eta odola. Dena dela, lortutako emaitzak ezin dira gernuaz lortutakoekin ordeztu.
Gernua eta listua ontzi garbietan jasotzen dira; besaurreko zaina ziztatuz lortzen da, berriz, odol-lagina; eta buruko ilea moztuz lortzen da ile-lagina. Izerdiari dagokionez, adabaki bat ipintzen da larruazalean denbora tarte batez.
Legearen eremuan, egoera asko-askotan legez kanpoko drogak antzematea da probaren helburu nagusia. Adibidez, epaile batek aginduta eta seme-alaben zaintza erabakitzeko, guraso batek edo biek legez kanpoko drogak kontsumitzen dituzten jakiteko; trafiko-istripu batean droga- edo alkohol-kontsumoa tartean dagoela uste denean; droga-mendekotasunaren tratamenduan pertsonen kontrola egiteko; seme-alabaren batek arazo fisikoa badauka, kontsumitzen ote duen jakiteko… Asegurua egiten dugunean ere, konpainiek legez kanpoko substantziarik hartzen den jakiteko proba eska lezakete. Lan-istripurik egon bada, drogarik kontsumitu den erabakitzeko edo lanean kontsumitzen den jakiteko. Droga-abusua antzemateko probetan honako hauek sartzen dira, batez ere:
— Karabinoideak (haxixa, marihuana…) antzematen dituztenak.
— Opiazeoak (kodeina, morfina, heroina…) antzematen dituztenak.
— Kokaina antzematen dutenak.
— Barbiturikoak (fenobarbital, pentobarbital…) antzematen dituztenak.
— Anfetaminak (anfetamina, metanfetamina…) antzematen dituztenak.
— Bentzoidazepinak (diazepam, lorazepan…) antzematen dituztenak.
Hasierako baheketan emaitza positiboa bada, pertsonak halako substantzietako bat atalase-mailatik gora duela esan nahi du. Bigarren proba egin eta emaitza berretsiz gero, pertsonak droga hori hartu du. Emaitza negatiboa izateak ez du esan nahi pertsonak ez duenik uneren batean droga kontsumitu. Substantzia gorputzean egon daiteke baina atalase-mailatik behera; dagoeneko metabolizatuta eta gorputzetik kanporatuta egon daiteke… edo gerta daiteke erabilitako probak ezin antzematea gorputzean dagoen substantzia zehatza. Kontuan izan behar dugu substantzia antzemateko aldi jakin bat dagoela eta aldi hori igaro ondoren ezin dela antzeman. Adibidez, anfetaminei, kokainari eta opiazioei dagokienez, kontsumitu eta hurrengo bizpahiru egunetan zehar azaleraz daiteke kontsumoa. Alabaina, marihuana eta haren metabolitoak, kannabinoideak, aste luzez antzeman daitezke.
Ikusi gehiago › Ikusi gutxiago ›