Nerbio-sistemaren (burmuinaren, orno-muinaren, nerbio periferikoen) eta muskulu-sistemaren anatomia, funtzioa eta garapena aztertzeaz (hala pertsona osasuntsu dagoenean nola egoera patologikoan) arduratzen den medikuntzaren atala da.
Neurologiak honako hauek biltzen ditu, era integralean: gaixo neurologikoaren osasun-arreta, nerbio-sistemari eragiten dioten alorren irakaskuntza, eta esparru horren ikerketa, klinikoa eta oinarrizkoa.
Neurologiako sendagile espezialistari neurologoa esaten zaio. Bera arduratzen da nerbio-sistemako eta muskuluetako patologiak prebenitzeaz, diagnostikatzeaz eta tratatzeaz. Neurologoa medikuntzako tituluduna da, ondoren BAME prestakuntza espezializatua egin duena. Azterlanek diotenez, Espainian 7 milioi laguni eragiten diete gaixotasun neurologikoek; alegia, biztanle guztien % 16ri.
Orobat, bizi-itxaropena luzatu izanaren ondorioz, datozen hamarkadetan gaixotasun horien maiztasuna handiagotu egingo dela uste da.
Hona hemen aztertzen diren gaixotasunetako batzuk:
~Dementzia eta nahasmendu kognitiboak. Dementzia endekapen-gaixotasuna da eta nahasmendu larriak eragiten ditu oroimenean eta gaitasun intelektualetan. Hala, ahazteak, aldian behingo desorientazioa eta portaeraren eta hizkuntzaren nahasmenduak eragiten ditu. Horiek horrela, gaixoaren eguneroko jardueretan eragiten doa, harik eta erabat mendeko bihurtzen duen arte. Gaixotasuna progresiboa da eta, epealdi zehaztugabe batean, heriotza eragiten du. Alzheimerren gaixotasunak eragiten ditu dementzia gehienak.
~Gaixotasun zerebrobaskularra.
Atake iskemiko iragankorra, iktusa eta dementzia baskularra dira gaixotasun zerebrobaskularrik garrantzitsuenak. Infartu batek edo burmuineko hemorragia batek eragindako gabezia neurologikoa da iktusa. Sintomak orotarikoak izan daitezke: indarra edo sentsibilitatea galtzea, hitz egiteko zailtasuna, ibiltzeko edo ikusteko zailtasuna… Oso garrantzitsua da ahalik eta lasterren antzematea eta ahalik eta lasterren joatea ospitalera.
~Parkinsonen gaixotasuna.
Gaixotasun neurologikorik desgaitzaileenetako bat da. Pazienteek dardarak eta mugitzeko zailtasuna izaten dituzte. Ibiltzeko zailtasuna izan daiteke, janztekoa edo ohean itzultzekoa. Endekapen-gaixotasuna da eta, azkenean, gaixoa ezin mugitzea eragin dezake.

~Migraina. Buruko min episodikoa da. Krisiak edo atakeak izaten dira (paziente gehienek 1-4 krisi izaten dituzte hilean); batzuetan ordu batzuk irauten dute eta beste batzuetan 2-3 egun ere bai. Buruko min-mota horretako sintomak izaten dira goragaleak, gorakoak edo argiarekiko sentiberatasuna. Pertsona askok buruaren alde batean sentitzen dute mina, taupada gisa. Migraina oso ohikoa izaten da: emakumeen % 16ri eta gizonen % 8ri erasaten die gutxi gorabehera.
~Epilepsia.
Gaixotasun neurologikorik ohikoenetako bat da. Era askotako atake epileptikoak eragiten ditu. Gerta daiteke kausa idiopatikoa izatea, burmuinaren nahasmendu baten ondoriozkoa (malformazioak edo sortzetiko alterazioak), eta beste batzuetan gaixotasun neurologiko baten ondorioa izan daiteke (adibidez, iktusarena, traumatismo kraneoentzefalikoena edo dementziarena).
~Esklerosi anizkoitza.
Gaixotasun horren ondorioz, nerbio-sistema zentraleko mielina kaltetu egiten da eta, pixkanaka, orotariko sintomak eragiten ditu (indarra edo sentiberatasuna galtzea, ikusmena galtzea, deskoordinazioa, gernu-ihesa…). Bestelako ondorioak ere eragiten ditu. 20 urtetik aurrerako gazteei eragiten die, batez ere.
«Esklerosia» esaten zaio, gaixotasunaren ondorioz orbain («esklero») baten antzerako ehuna sortzen delako burmuineko eta orno-muineko leku batzuetan. «Anizkoitza» esaten zaio, burmuineko eta orno-muineko eremu batzuei erasaten dielako.
Ikusi gehiago › Ikusi gutxiago ›
No hay nigún subservicio en la zona seleccionada. Por favor elija otra zona: