Etxeko ospitalizazioa

Etxeko ospitalizazioa ohiko ospitalizazioaren ordezko aukera da: pazienteak ospitalean jaso litzakeen tratamendu eta arreta berdinak jasoko ditu kalitatean nahiz kantitatean, baina bere etxean egonik.
Honako hauek ditugu onurarik garrantzitsuenetako batzuk:
— Pazientearen ongizatea, intimitatea eta erosotasuna handiagoak dira, beraren ohiko ingurunean dagoelako.
— Behar ez diren ospitalizazioak saihesten dira.
— Ospitaletan gertatzen diren infekzioen arriskua murrizten da.
— Senideek gaixoaren zaintzan eta bilakaeran parte hartzen dute.
— Zentro klinikoak optimizatu egiten dira, eskura dauden baliabideen erabilera hobetu egiten delako.
Etxeko ospitalizazioko unitatean sartzeko, zenbait baldintza bete behar dira:
— Aurretiaz ospitaleratuta egon izana, edota pazientea artatzen duen ohiko sendagilearen ustez, unitate horretan egoteko aukera izatea.
— Gaixotasunaren bilakaerak halako unitate batean tratatzeko aukera eskaintzea.
— Pazientea ados egotea.
— Unitate horren estaldura duen eremu batean bizitzea.
— Etxebizitza pazientearen eta gaixotasunaren beharrizanetara egokituta egotea.
— Familiak gaixoaren arretan parte hartzea.
Etxeko ospitalizazioa patologia jakin batzuetarako aproposa da. Adibidez:
— Patologia kronikoak (bihotzeko gutxiegitasuna, bronkopatia kronikoa…) dituzten pazienteentzat.
—Patologia akutuen (pneumonia baten, adibidez) jarraipena egiteko eta kortikoideen, antibiotikoen eta abarren bidezko tratamendua egiteko.
— Gaixotasun onkologikoetarako: sintomak kontrolatzeko, tratamenduen jarraipena egiteko, zaintza aringarriak eskaintzeko…
— Kirurgia osteko aldirako: ebakuntza jakin batzuk egin ondoko arreta jasotzeko (adibidez, ebakuntza osteko zaintzak eta zainketak egiteko, hala nola eskarak eta larruazaleko ultzerak tratatzeko).
— Aireztapen mekanikoa, zain barnetiko tratamenduak (zain barneko antibioterapia, nutrizio parenterala…) eta abar behar dituzten pazienteentzat.
— Prozedura teknikoak (hala nola transfusioak edo parazentesiak) behar dituzten patologietarako. Etxeko ospitalizazio-unitatean sartu ondoren, pazienteak osasun-laguntzailearen bisita jasoko du, behar duen arreta eskaintzeko. Langileak berak eramango du beharrezko material guztia, seruma izan nahiz zaintzetarako materiala izan.
Erizaintzako unibertsitate-diplomadunak, sendagileak edo biek agintzen dizkiete egin beharrekoak osasun-laguntzaileei.
Bisita horiez aparte, pazientea edonoiz jar daiteke harremanetan zerbitzuarekin, etxean ospitaleratuta dagoen bitartean arta dezaten egunean 24 orduan eta astean zazpi egunetan.
Ikusi gehiago › Ikusi gutxiago ›