Tentsio arteriala hartzea

Garrantzitsua da aldian behin tentsio arteriala hartzea, hipertentsiboak garen ala ez jakiteko.
15-45 urte bitartean lau urtean behin egitea gomendatzen da, eta 2 urtean behin adin horretatik aurrera, salbu eta tentsio altua daukagula antzeman badugu; hala bada, maiztasun handiagoarekin egin behar ditugu, kontrolatzen gaituen sendagilearen aginduei jarraikiz.
Tentsio arterialaren zifrek balioa izateko, adituen gomendioen arabera hartu behar da, hala neurtzeko gailuei dagokienez nola neurtzeko baldintzei dagokienez.
Tentsio arteriala egoki hartzeko, honako gomendio hauek bete behar ditugu:
• Gutxienez bost minutuan atsedenean egon ostean hartu behar da.
• Pertsonak erlaxatuta egon behar du, presarik gabe.
• Neurketa egin aurreko ordu erdian ez du jan behar eta ez du substantzia kitzikagarririk (kafea, tea) hartu eta erre behar.
• Eserita hartu behar da, ez luzatuta, bizkarra aulkiaren euskarriaren kontra ondo bermatuta. Hankek zorua ukitu behar dute, ez dira gurutzatuta egon behar, eta eskuak erlaxatuta egon behar du, sakatu gabe eta atseden-egoeran.
• Ez da hitzik egin behar.
• Tentsiorik altuena neurtu den besoan hartu behar da, eta horixe izango da hurrengoetan ere hartzeko erreferentzia. Besoak bihotzaren altueran (gutxi gorabehera) bermatuta egon behar du.
• Gailuaren zorroak larruazala ukitu behar du eta, beraz, pazienteak mahuka altxatu behar du. Negua bada eta arropa asko baditugu jantzita, hobeto da kentzea, aldi berean jantzi bat baino gehiago baditugu besoan jasota, gune hori estutuko duen eraztuna sor dezakegu eta.
• Pertsona ondo kokatu eta gero jarriko diogu zorroa, besoaren diametroari egokituta (txikia, normala, handia). Besoaren tamainaren arabera, bata edo bestea erabiliko dugu. Eskuz edo makinaz har dezakegu tentsio arteriala.
• Eskuz egiteko, merkuriozko esfigmomanometroa jartzen da besoan eta besoaren barneko arteriaren taupada auskultatzen da, fonendoskopioa erabiliz. Horixe da erreferentziako teknika, baina tentsio arteriala hartzen zaion pertsonaren mende dago, hein batean. • Automatikoki hartzeko, homologatutako gailuak erabiltzen dira.
Etxean neurtutako tentsio arteriala normatzat jotzeko, 135/85 mmHg baino txikiagoa izan behar du (13 eta erdi, 8 eta erdi).
Ikusi gehiago › Ikusi gutxiago ›